Ikergazte kongresuko azken egunean Eneko Axpe Iza (Barakaldo, 1986) izango da gonbidatu nagusia. Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna da Axpe Stanford University-n eta NASAn. Materialen fisikan doktorea da (UPV/EHU) eta biomaterialen arloan egiten du lan, biomaterial eta material biologikoen difusio eta propietate mekanikoak aztertzen. “Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak“ izenburupean bere ibilbidearen errepasoa egingo du.
Astronauten hezurrek eraman zintuzten NASAra. Zergatik horrenbesteko kezka hezurrekin? Zer gertatzen zaie astronauten hezurrei?
Astronauta batek hezurren bat apurtzen badu, kolokan jar daiteke misioa eta bere bizitza. Imajina itzazu arriskuak, Marten dagoen astronautak hanka apurtzen badu.
Zero grabitatean, hezurrek ez dute Lurrean daukaten input mekanikoa. Osteoklastoek hezur zaharra jaten jarraitzen dute, Lurrean bezalaxe, hezurra berrizteko; baina osteoblastoek ez dute hezur berria garatzen. Balantze falta honengatik, hezurren mineral dentsitateak behera egiten du, eta poroen tamaina eta kopurua handitzen da, hezurra apurtzeko probabilitatea handituz.
Zertan datza zure ikerketa une honetan?
Nik biomaterialen eta material biologikoen propietate fisikoak aztertzen ditut, baita modelo matematikoak formulatu ere, beraien propietateak deskribatzeko eta aurreikusteko. Honek aplikazio asko ditu; esate baterako, hurrengo belaunaldietako txertoetan eta medikamentu askotan hidrogelak erabiliko dituzte aktiboa era geldo batean askatzeko, dosi pikuak ez izateko. Edota burmuinaren propietate mekanikoak hobeto ulertzeko: zergatik da hain biguna? Zelan eraiki burmuinak dituen propietateak biomaterial berriak sortzeko? Zelan egin barazkiekin bakarrik behiaren txuletoi baten propietate berdinak dituen janaria?
Barazkiekin egindako txuletoia aipatu duzu. Hain zuzen ere janari sostengarrien arloan zabiltza Eneko Atxa sukaldariarekin batera. Ezinbestekoa izango dela diozu elikadura ohiturak aldatzea. Animaliak jateari uzteko garaia ote da?
Kotxeek kutsatzen dutela badakigu, baina behi okela produzitzeak munduko kotxe guztiek baino gehiago kutsatzen dutela gutxik dakite. Zergatik? Orain dela hamarkada gutxi batzuk arte ebidentzia gutxi zegoelako; eta baita ere, okela industriak diru asko eta lanpostu asko sortzen dituelako. Bai kotxeek bai okelak asko kontaminatzen dute, baina berdin berdin jarraitzen dugu produktu hauek kontsumitzen; gure bizimoduaren eta kulturaren parte dira. Etorkizunean ez da horrela izango, etorkizun berde bat nahi badugu. Ekologismoaren alde neurri bakarra hartu nahi baduzu, behi okela jateari utzi, edo gutxiago jan, eta barazkien kontsumoa handitu. Pentsa ezazu, zelan kontsumituko da energia, landa eta ur gehiago, barazkiak jaten zuzenean, ala barazkiak jaten dituzten animaliak jaten? Biodibertsitateari ere egingo genioke mesedea. Joshep Poore eta Thomas Nemecek-en artikulu bat gomendatzen dizut irakurtzea: “Reducing food’s environmental impacts through producers and consumers” (2018). Science aldizkarian publikatu zuten.
Okela industriak eta beraien ondoan lan egiten duten ikertzaile gutxi batzuek zarata sartzen dute, tabakoaren industriak egin zuen bezalaxe; baina beraien argudioak indarra galtzen ari dute egunero; gero eta ebidentzia gehiago dagoelako.
Etorkizuneko elikadura zaporetsua, osasuntsua eta jasangarria izan dadin lan egingo dut hurrengo hamarkadetan, aldaketa klimatikoa eta biodibertsitatearen galera direlako gizateriaren arazorik handienak. Nire bizitza eta lana jarri nahi dut arazo hauek ebazten laguntzeko.
Eneko Atxa eta biok NASAko proiektu berri batean gaude, NASAk berak finantzatu duena aurten: mycelium-aren (onddo baten sustraia) bitartez estruktura indartsuak eraikitzeko (etorkizunean Ilargian eta Marten estrukturak eraikitzeko asmoarekin).
Zuri irakurria da zientzialariok ez duzuela inoiz izango sukaldariek duten sormena. Zenbateko garrantzia du sormenak?
Nire azalean tatuatuta dudan hitza da, literalki. Sormenik gabe ez zen maite duzun patata tortilla, kanta edo pelikula hori existituko. Ezta COVID-19aren aurkako txertorik ere.
Biomaterialen erabilera eta ikerketa garrantzia handia hartzen ari da. Garuneko ehuna imitatzen duten teknologia eta biomaterialen alorrean izandako azken aurrerapenak aztertu dituzu zuk, besteak beste. Etorkizunera begira zeintzuk dira erronka nagusiak arlo horretan?
Materialen zientzia arloan, zelan sortu material bat gure ehunen propietate mekaniko berdinak dituena? Gure ehunak super konplexuak dira. Beste adibide bat, difusioarena. Medikamentuen dosia kontrolatu behar dugu. Horretarako, matrizetik kanpora medikamentua askatzeko difusioa kontrolatu behar dugu. Biomaterialen estruktura eta propietate fisiko-kimikoak oso garrantzitsuak dira. Etorkizun handiko arloa da hau.
Bide batez, Gordon Research Conference – Biomaterials and Tissue Engineering, munduko konferentziarik onena, prestigiotsuena eta arloko ikertzaile onenak ezagutzeko plataforma onena da. Konferentzia honen Gordon Research Seminar-en burua naiz 2023. urterako; eta, beraz, arlo honetan ikertzen daudenei hara joateko gomendatzen diet %100; eta galderarik izanez gero, nirekin harremanetan jartzeko.
Zer nabarmendu nahiko zenuke zure hitzaldian?
Nire ibilbidearen eta ikerlanen errepasoa egingo dut. Saiatuko naiz ikertzaile gazteak inspiratzen; konturatu naizelako, benetan mundua aldatu dezakegula, edo gutxienez mundua aldatzen lagundu.
Ikergazte bezalako diziplinarteko kongresuak zergatik dira garrantzitsuak zure ustez?
Komunitatea eraikitzeko oso ekimen polita da. Kolaborazio berriak sortzeko, eta gure inguruko zientzialariak eta ikertzaileak ezagutzeko oso aproposa.
Zer esango zenioke ikerketan hasi berria den horri?
Ikerkuntza maratoi bat dela. Psikologikoki oso indartsua izan behar dela. Oso sari gutxi daudela, eta ezezko asko. Orokorrean diru-laguntzak ez direla oso handiak. Baina gauza politak ere baditu, eta niretzat pisu handiagoa dute horiek negatiboek baino: humanitatearen historian inoiz ikusi edo ulertu ez den fenomeno bat lehenengo aldiz azaltzea izugarria da.
Atzerrian horrenbeste urte bizi eta gero konturatu naiz Euskal Herria oso homogeneoa dela, oso zuria, eta pentsatzeko moduak nahiko mugatuta daudela. Ikerkuntza, ordea, guztiz nazioartekoa da. Asko bidaiatuko du ikertzaile berriak, kolaborazioak kontinente guztietan izaten direlako, eta oso kultura eta kolore desberdineko kolaboratzaileak eta lagunak egingo ditu hasi berri duen bidaia honetan.