Hiru izango dira kongresuan zehar emango diren hitzaldi orokorrak eta lehenengo bi egunetarako antolatu dira.

Apurka apurka badoa egituratzen IkerGazte kongresuko egitaraua eta guztia argitaratu ez bada ere hitzaldi orokorren berri eman da, besteak beste.

Maiatzaren 13an izango da lehen hitzaldia eta Paul Zachary “PZ” Myers irakasle estatubatuarrak emango du. Berak, biologia irakasten du University of Minnesota Morris unibertsitatean eta Pharyngula blogaren egilea da, 2006an Natura aldizkariak zientzialari baten blogik onena bezala izendatu zuena. Horretaz aparte, ikerlari lanetan dihardu, garapenaren biologia ebolutiboa ikertzen, hain zuzen ere.

Bigarren hitzaldi orokorra Karmele Artetxerena izango da, maiatzaren 14an hain justu. Bera, UEUko zuzendari ohia izan zen, eta egun UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea da. 2010ean Komunitate Zientifiko Euskalduna: azterketa historikoa eta bibliometrikoa tesia defendatu zuen. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basearen sortzaileetako bat da eta berak egindako 20 lan baino gehiago biltzen dira bertan. Horien artean aurkitzen dira Euskara unibertsitatera bidean: eragileak eta proiektuak eta Ikerketa berriak Euskal Herriko historian: metodologia aitzindariak eta berrikuntza historiografikoak liburuak.

Azken hitzaldi orokorra Itziar Lakaren eskutik etorriko da, hau ere maiatzaren14an. UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna eta Elebilab ikerketa taldearen zuzendaria da bera eta ikerketa-bizitza oparoa dauka. 1990ean doktoratu zen Massachusetts Institute of Technology-n Negation in Syntax: On the Nature of Functional Categories and Projections izeneko tesia aurkeztuz. Irakasle lanetan aritu izan da atzerrian eta egun euskaltzain urgazlea da, baita interneten aurkitu daitekeen A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language gramatikaren egilea ere.